SARRERA
KONTZEPTUAK
1- Ikasteredu elebiduna:
Historian zehar, Euskal Herriko ereduak aldaketa prozesu bat jasan dute. Gaur egun, A eredua (guztia gazteleraz euskara irakasgaia izan ezik), B eredua ( %50 gazteleraz eta %50 euskaraz) eta D eredua (guztia euskaraz gaztelera irakasgaia izan ezik) indarrean daude.
D ereduak, murgiltze programarekin bat emaitza onak lortu ditu azken urteotan. Nahiz eta, etxetik euskaldun direnak erdaldunekin nahastean euskara galtzen denaren irudipena izan, eredu honen bidez ez da gaitzesten ikaslearen lehenengo hizkuntza. Honen helburu nagusia elebidun bihurtzea baita.
Hortaz gain, D eredu batean ikasten duten ikasleak ikasteko erraztasun handiagoa izaten dute eredu elebakar batean ikasten dutenak baino, zenbait ebaluazio kuantitatibok adierazten duten arabera.
2- Ereduen ebaluazioa: kuantitatiboa eta besterik?
Kontzeptu kuantitatiboak eragin handia izan dute euskararen azterketan. Izan ere, ebaluazio kuantitatiboen bitartez, ikasleek duten hizkuntza maila eta hezkuntza ereduak ikertu daitezke.
EIFE programei esker, irakastereduak onartuak eta eredugarriak bihurtu dira euskaltzale nahiz euskararekiko aparteko atxikimenik ez duenarentzat. Edozein eredu dela ere, ebaluaketa hauen ondorio nagusi bat, lehentxeago edo geroxeago, (EAEn) eskolaumeek gaztelania-maila egokia arazorik gabe lortzen dutela erakustea litzateke.
PISA ebaluaketei esker frogatu ahal izan da hizkuntzan matematiketan nahiz zientzietan, estatu espainiarreko eta beste hainbat hezkuntza sistema elebakarreko ikasleen antzera edota hobeago erantzuten dutela irakaskuntza elebiduneko ikasleek. Horrez gain, elebidunak bi hizkuntza dakizki, eta hirugarrena ikasteko aukera handiagoak ditu.
Hala ere, ebaluaketa kuantitatiboez gain, eskolaren kalitate maila (D eredua zenbat eta intentsiboagoa hobeagoa da) eta kanpo faktoreak (testuingurua) hartu behar dira kontuan.
3- Murgiltze programa/ eredua:
Murgiltze programa gauzatzen denean, umea bere ama-hizkuntza ez den beste batean, bere bigarren hizkuntzan, eskolaratzen da. Eredu honen helburu nagusia, haurrek hizkuntza berri bat ikastea da, haien ama-hizkuntza galdu barik. Baker-ek zioenez, murgiltze programa hurrengo sinismenean oinarritzen zen: umeak txikiak direnean, subkontzienteki ikasten dute haien ama-hizkuntza; hortaz, eskolan beste hizkuntza batean hitz egiten bazaie txikitatik direnean, ez dute arazorik izango bigarren hizkuntza hori menperatzeko.
Euskal Herrian hain komunak diren ikastolak, adibidez, murgiltze programak dira haien etxean euskaraz hitz egiten ez dutenentzat. Hauek sortu ziren momentutik gero eta gehiago dira eta urtero arrakasta gehiago dute, beste eskoletako D ereduak bezala.
4- Hizkuntzen irakaskuntza bateratua:
Hizkuntzen Trataera Bateratuaren helburua da programazio bakar bat egitea ikastetxe batean ikas-irakasten diren hizkuntzentzat, haientzat denentzat helburu eta metodologia berak izanik, ebaluazio irizpide konpartituak izanik eta ikas-edukiak, berriz, hizkuntza guztien artean banatuak, eta hala ikasleek errentagarritasuna atera diezaioten beren hizkuntza-ikaskuntzei eta ahalik eta gehiena gara dezaten beren komunikazio konpetentzia eleaniztuna.
5- Hizkuntzen arteko interdependentzia:
Interdependentzia ezaugarri psikolinguistiko bat da; honek esan nahi du bi hizkuntzetako gaitasunek elkarrekiko dependentzia dutela. Cummins-ek zioenez, ama-hizkuntzan ikasitako hainbat alderdi, hala nola fonologia edota pragmatika, transmititu ditzakegu bigarren hizkuntza ikasterakoan.
Prozesu hau gertatzeko eta transferentzia hoberena lortzeko, komenigarria da lehenengo hizkuntzan gutxienezko maila izatea, horrela errazago lortuko baita gaitasunak bigarren hizkuntzara transmititzea.
6- Atalasearen hipotesia:
Atalase teoria, hizkuntzan batean lorturiko gaitasunak beste batera transferitzeko, gutxiengo gaitasun maila bat behar dela dio. Hau lortzen ez bada hizkuntza batean ez bestean, ondorio kognitibo negatiboak ekar ditzake. Ondorio positiboak lortzeko hizkuntza gaitasun horiek bigarren atalase batera iritzi behar dira.
Murgilketa edo bigarren hizkuntza bidezko irakaskuntzari lotutako beste auzi bati ere heldu zion Cumminsek: nola azaldu hezkuntza elebidun programa batzue tan ikasleek emaitza onak lortzea eta beste programa batzuetan emaitza ez hain onak lortzea? Cumminsek (ibid.) “Threshold Hypothesis” edo gutxienezko hizkuntza gaitasunen atalasearen hipotesia proposatu zuen galdera honi erantzuteko asmoz. Cavallik (2005) hipotesi honen inguruan dioenez, elebitasuna ez da, berez eta modu absolutuan, hezkuntza elebidunaren arrakasta nahiz porrota azaltzeko faktorea.
7- Elebitasun gehitzailea
Elebitasun gehigarriak, ikasleek beren lanabes intelektualei bigarren hizkuntz baten bitartez gehitu egitean esan nahi du , bitartean bere hizkuntza garatzen dutelarik. Bere hizkuntza errepertorioa handitu egiten da.
Guk geuk ikusi genuen nola eskolan euskaraz landutako zenbait gaitasun diskurtsibo gaztelaniara mailegatzen ziren, nahiz eta azken hizkuntza honetan landu gabeko gaitasunak izan
8- Vygotskiren ekarpenak:
Vygotskik hainbat ekarpen egin zituen psikolinguistikara, haien artean:
- Mintzaira izaera soziala du eta ezin da prozesu indibidual bat bezala irudikatu.
- Historikoki gauzatzen da eta elkareraginean dago beti.
- Irakats-lekuak eragin handia dute mintzairaren garapenean (eskolek adibidez).
9- Testu generoa:
Gizataldeen historian zehar hizkuntza erabiltzeko moldeei dagozkie testu-generoak. Nolabait esateko, testu-generoak denboran zehar egonkortu diren hizkuntza erabiltzeko moduak dira. Egonkortasun hori, noski, denborari, historiari hain lotua dagoenez, etengabe aldatzen da. Honegatik, ezinezkoa da behin betirako balioko duen testu-generoen sailkapen bat egitea. Hizkuntza jarduera berriak sortu ahala, genero berriak sortzen dira (chata, sMs edo esamesa); edo hizkuntza jarduerak desagertzen doazen heinean, halaxe generoak ere (bandoa). Testu-generoa, hortaz, hizkuntza jardueran parte hartzeko bitarteko gisa defini daiteke.
10- Sekuentzia didaktikoa:
Testu-generoak irakasteko baliabide zehatz bat proposatzen digute: sekuentzia didaktikoak. Helburua testu-generoen erabileraz jabetzea da: esaterako, dena delako testu-genero bat zein egoera komunikatibotan erabiltzen den irakasten da. Genero horren ezaugarri testual-diskurtsiboak lantzeaz gain, jarduerak dituen ezaugarri gramatikalak ere lantzen dira, jakina, gramatika arauak ezinbestean errespetatu behar baitira testu/diskurtsoen funtzionamendurako.
Sekuentzia didaktikoek badituzte nabarmentzea merezi duten bi ezaugarri nagusi.. Batetik, koherentea da. ikasleen trebetasunetatik eta zailtasunetatik abiatzen da jarduera edo tailer zehatzak prestatzerakoan. Eta bukaerako ekoizpenek sekuentziari osotasuna ematen diote. Bestetik, baliabide oso malgua da, ikasle-talde bakoitzaren trebetasunetara egokitzeko moduko jarduerak proposatzen dituelako.
11- Zer da 5 eta 8 urte bitartean ikasten dena?
Egindako ikerketan Autononomia Narratiboa eta ipuinaren atal desberdinen kontaketak eta ezagupenak aztertu dira gehien bat. Honetarako 5 eta 8 urteko ikasleak behatu dira, hauen artean desberdinduz alde batetik H1 Euskara zuten ikasleak eta bestetik H1 Gaztelania zuten ikasleak.
Ikerketa honen ondorioetako bat da ikasleek H1etik H2ra jakintzen transferentzia egin zezaketela da, eta baita alderantziz ere, hau da H2tik H1era. Hala ere desberdintasun nabaria agertu dira 5 urteko eta 8 urteko ikasleen artean, eta ondorioztatu da ikasgelan landutako edukiak garrantzi handikoak direla ume baten hizkuntzaren menperatze mailan. Bestetik haur gehienek badakite ipuin bat zatitan banatuta dagoela eta egitura menperatzen dute, batez ere hasiera eta bukaera automatizatuta dituzte. Hala ere desberdintasun bat nabaritzen da 5 eta 8 urteko umeen artean bai erdiko ataletan (Aldaketaren abiapuntua, Garapena eta konponbidea orekara) bai lexiko eta sintaxian.