Pasaden egunean planteatu genituen tailerrak aurrera ateratzeko programazio koherentea behar da. Kontua ez da ahozko ariketa desberdin eta solteak lantzea, baizik eta programazio koherente baten inguruan ariketak sortzea eta banatzea. Gainera ideia eta programazioa pentsatu ostean ebaluazio bat pentsatu beharko diogu eta ebaluazio horren sistematikotasunari eutsi beharko diogu. Izan ere, ebaluazioa nolakoa, jarri beharreko arreta halakoa.
Azken boladan irakasleok ebaluazioari buruz dugun ikuspegia osatzea lortu dugu, eta horrekin batera ebaluazioaren helburuak eta ebaluatzeko metodoak aldatu egin ditugu. Hala ere, oraindik ebaluazioa kalifikazioari oso lotua dugu eskolan.
Ahozko trebetasuna, gainera, berriki sartua da ebaluatzeko baliabideen zerrendan eta oraindik bide luzea dugu egiteko. Izan ere, oraingoz normalizatu gabeko eginkizuna da eta ondorioz metodologia eta formazio mailan nabarmena da hutsunea. Hala ere, gu saiatuko gara.
Baina, edozein ebaluaketa hasi baino lehen, argi izan behar dugu zer ebaluatu nahi dugun, eta ebaluatu nahi dugun horri buruzko informazioa eskuratzeko bide egokia jarri behar dugu. Alferrik da kaleko jardunari erreparatuz eskolako eredu formala bereganatu duen ebaluatzea. Beraz, ZER galderari erantzun behar diogu ondoren NOLA galderari erantzuteko.
ZER ebaluatuko dugu?
Ariketa hauetan zehar umeek euskara formalean aritzeko duten komunikazio gaitasuna ebaluatuko dugu: jendaurreko azalpenak, gertaeren narrazioak…
- EGOKITASUNA: Esaten ari dena egoerari eta aurrean dituen entzuleei egokitzea,, diskurtsoaren eta elkarrizketaren arteko bereizketa egitea, jardunaren egokitasun orokorra, alderdi linguistikoa (lexikoa, sintaxia, intonazioa…) eta alderdi diskurtsiboa (hiztegi egokia, tonu egokia, abiadura, esku-gorputz keinuak, ulergarritasuna…).
- KOMUNIKATZEKO GAITASUNA: Hizkuntza gaitasunaz gain, komunikatzeko gaitasunari ere erreparatu behar zaio. Ahozkoak bere berea du komunikazioa.
NOLA ebaluatuko dugu?
Ebaluaketa hauetan ez gara oso puntalakurloak izango umeek esaten dutenarekin eta orokorrean ebaluatuko ditugu haien hitz egiteko gaitasunak.
NOR-NORI-NORK ebaluatuko du?
Ebaluazioa, gainera, irakasleez gain ikasleek ere egin behar izango dute. Ikasleek bere jarduna eta kideena ebaluatuko dute. Beraz, ebaluatzaileak honakoak izango dira: irakaslea, ikaslea bera, ikaskideak.
Modu horretan ikuspegi desberdinek helburu desberdinak jorratzen lagunduko digute: ikasleak bere jarduna ebaluatzeak egindakoaz gogoeta egiteko eta hobetzeko modua eskainiko du; irakasleak ebaluatuz aldiz egindakoa zenbateraino menderatzen duen ezagutuko dugu; eta amaitzeko, ikasleen artekoa, berriz, komunikazioari buruzko gogoeta talde-mailako irizpideen bueltan biltzea lortuko dugu.